Quantcast
Channel: Blog de Josu Erkoreka » EAJ-PNV
Viewing all articles
Browse latest Browse all 15

Bermeoko abertzale historikoak (9): Ebaristo Etxebarrieta Aiartza

$
0
0

Ebaristo Etxebarrieta Bermeon sortu zen 1878ko maiatzaren 13an; goizeko seirak eta erdietan etorri zen mundura. Hiru neba-arrebatik, gazteena zen bera. Aita, Pedro Pablo Etxebarrieta Aldekoa izan zuen; Bermeoko komertzio-gizona. Ama, berriz, bilbotarra zuen: Celestina Aiarza Urazandi. Pedro eta Celestina, Bilboko Santos Juanes eleizean ezkondu ziren 1871ko urtarrilaren 15ean. Senarrak, hogeita hemeretzi urte beteta zituen ezteien egunean. Adin jasoa sasoiko ohituretarako. Emaztea gazteagoa zen, jakina, baina bera ere urteetan aurrera eginda zegoen, 1836ko apirilaren 5ean jaiotakoa baitzen.

Aitaren gurasoak Bizkaiko kostaldean zeukaten jatorria: aitita, Ramón Etxebarrieta Ezkiaga, Eakoa zen, eta amama, Lukaria Aldekoa Gainza, bermeotarra. Amaren leinua, ordea, Bilbon errotuta zegoen: Jose Aiarza Abandon jaioa zen eta a Rosa Urasandi, Bilbon bertan. Bateoko aitabitxi eta amabitxik, ondo asko erakusten ematen zuten Ebaristoren ahaideak munduan zehar merkataritza-lanetan ibilitakoak zirela. Aita besoetakoa Ebaristo Eleizalde izan zen eta ama besoetakoa, Frantzista Aiarza; jaiotzez bilbotarrak, biak, baina Manilan bizi zirenak. Bateoaren egunean, ordezkarien bidez bete zuten aitabitxi eta amabitxiren zeregina.

Ez dakigu, gaur-gaurkoz behintzat, abertzaletasunaren griña noiz, nola eta noren eskutik erne zitzaion Ebaristori, baina gauza nabarmena da, oso goiztik zaletu zela Arana-Goirik sortu zuen mogimendu politikoarekin.

Aberriarekiko joerarekin batera, kristau sinesmenaren aldekoa ere gazte-gaztea zela piztu zitzaion, eta hamar urte bete zituenean apez ikasketak egitera joan zen seminariora. Gurasoak dirudunak izaki, Carrera literaria lata, egin zuen. 1897an Salamancara joan zen bertako seminarioan apez ikasketei ekiteko. Handik, Gasteizeko seminariora etorri zen 1901an, Teologia ikasketak burutzeko. Emaitza akademikoak ez ziren txarrak izan. Filosofiako lehenbizikoa eta hirugarren urteak, Meritus batekin amaitu zituen. Bigarren urtean, berriz, Benemeritus lortu zuen. Teologiako mailak emaitza zertxobait hobeagoekin burutu zituen. Aurreneko ikasturtean Meritus lortu bazuen, beste hiruretan -hots, bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean- Benemeritus atera zuen.

1936an EAJk Batikanora bidali zuen delegazioa. Bi bermeotar daude argazkian. Ebaristo Etxebarrieta (argazkiaren erdian apez jantziarekin ikusten dena) eta Frantzisko Basterretxea (zutunik, eskerretik hirugarrena)

1902ko irailaren 20an apaiztu zen, “a título de Capellanía”. Ibaizabal astekariak 1902ko urrian argitaratu zuen alean, honako ohartxo hau aurkitu dugu Etxebarrietak Bermeoko Santa Maria eleizean eman zuen lehen mezari buruz: “juan dan domekan izan da emengo Andra-Mariako eliza ederrean eliz-jai edo funziño guztiz ona: lenengoko mezea esan dau Evaristo Echevarrieta abade jaun gazteak da lenengoko epistolia Fernando Uriarte jaunak, biak erri onetako semeak”.

Apaiztu ostean, bere jaioterrira itzuli eta bertan bizi izan zen harik eta gerratearen eraginez bere burua Bermeotik alde egiteko beharrean ikusi zuen arte. Baina Bermeon ez zuen inongo parrokiaren ardurarik hartu. Apez autonomo gisa jardun zen uneoro. Eleizbarrutiko liburu eta dokumentuetan, “Capellán de propio”, “Capellán de la iglesia de Santa Maria de Bermeo“, “Capellán”, eta antzeko esapideekin  aipatzen da bere egoera. Horrek esan nahi du bere bizitzari eusteko moduko baliabide nahikoak zituela. Guraso aberatsak zituen eta sendiaren ondasunek ematen zioten errentetatik bizi izan zen. Ez zuen, bada, inongo soldataren beharrik. Santa Eufemian ematen omen zuen meza. Hala ere Santa Mariarekiko joera nabarmena zeukan. Izan ere, bertan eman zuen lehen meza eta hori gutxi balitz, goiko plazan eraiki zuen etxebizitza; Santa Mariaren ondoan, alegia.

Horretaz aparte, Santa Mariaren aldeko beste keinu nabarmen batzuk ere izan zituen, izan ere, Ebaristo Etxebarrietak. Berak ordaindutakoa da, esate baterako eleiza honen altare nagusiko erretabloa. Berak erosi eta dohantzan eman zion eleizeari. Are gehiago, bere familiako kideek zeuzkaten izenei dagozkien santuen irudiak jarri zituen bertan: San Ebaristo, Lourdesko Ama, San Pedro eta Loiolako San Inazio. Gaur, presbiterioaren ezker aldean kokatuta dagoen plaka batek gogoratzen du Etxebarrietaren ekarpena honako mezu honekin:

Don Evaristo de Echebarrieta, Pbro.

Costeó este retablo con sus 4 imágnes

Año 1913

Gurutze Santuaren altarea ere –Santa Mariako eleizaren eskuman ikus daitekeena- berak ordaindu zuen.

IMGP4582 copia

Etxebarrietak ordaindutako San Ebaristoren irudia, Bermeoko Santa Maria eleizaren erretablo nagusian

Baina apaiz sekularraz gain, abertzale joerako gizasemea ere bazen, inolako zalantzarik gabe. Hala ere, apaiza izateak -eta beraz, herriko arima guztien artzaia bezala jokatu beharrak- bere abertzaletasun hori gehiegi nabarmendu gabe bizitzera eraman zuen. Jelkidetasun argia islatzen duten urratsak eman zituen, baina ez zen, beste apaiz batzuk izan ziren bezalaxe – begira, adibidez, Aitzol-en edota Polikarpo Larrañagaren kasuak- propagandista eta militante sutsua.

Alderdi Jeltzalearen aldeko ekimen isila baina tinkoa egin zuen. 1912an, esate baterako, Euzkadi egunkaria martxan jarri behar zuen sozietatearen 10 obligazio erosi zituen. Ez da gutxi. Garai haietako 500 pezeta ordaindu zuen obligazio horietaz jabetzeko; Bermeon beste inork eman zuena baino askoz gehiago. Bere atzetik, Joakin Arenaza eta Frantzisko Basterretxea zeuden, 300 eta 200 pezetakin -hots,  6 obligazio eta lau obligaziorekin- hurrenez hurren.

Euzkadi egunkariaren obligazioak erosteko eman zuen sinadura

Euzkadi egunkariaren obligazioak erosteko eman zuen sinadura

Horrez ganera, beregana jotzen zuten batzokiko kideek alderdiari lotzen zitzaion ospakizunen bat antolatu nahi zutenean, eleizkizunetaz arduratu zedin. Bermeoko EAJren kapilau modukoa zen, eta bere gain hartzen zituen alderdiaren eleiz-ospakizun guztiak. 1932ko maiatzaren 8an, esate baterako, Euzko Langilleen Alkartasuna sindikatuaren egoitza inauguratu zenean, Etxebarrietak eman zuen meza –Santa Eufemian hain zuen- eta bedeinkatu zituen egoitzaren lokalak eta ikurrina.

Handik bi urtera, 1934ko ekainaren 17an hain zuzen, berak eman zuen baita ere batzoki berriaren inaugurazioa dela eta alderdikideek antolatu zuten meza nagusia. Eta nola ez, bere eskutik bedeinkatu ziren batzokiaren gelak, bulegoak eta ikurriñak.

Hain zen estua alderdiarekiko zeukan lotura, goiko argazkian ikus daitekeenez, EAJk, 1936 urtean, Batikanora bidali zuen delegazioko kidea izan zen, Agirre, Iruxo, Landaburu, Ziaurritz, Egibar eta Basterretxearekin.

Bermeoko Santa Maria parrokia. Argazkiaren ezkerraldean ikusten den etxearen 3. solairuan bizi izan zen Etxebarrieta. Goiko plazari eta eleizeari begira. (Indalecio Ojangurenen argazkia)

1937ko apirilaren 30ean, indar frankistak herrian noiz sartu zeudela, etxetik irten, portura jaitsi, itsasuntzi batera igo eta Bermeotik alde egin omen zuen, itsasoz. Geroztik, frankistak Bilbora sartu zirenean, Beljikara alde egin zuen.  Bertan zegoelakoan agertzen da, hain zuzen ere, beste euskal apez zenbait bezala, Antoniutti-k Aita Santuari 1937ko bigarren erdian bidali zion munduan zehar zebiltzan euskal apezen zerrendan.

Beljikatik, ordea, Kubarako bidea hartu zuen. Bere ahaideen artean merkataritza-lanetan jardundako kide bat baino gehiago zegoenez -komertzio gizona zuen aita eta aitabitxi-amabitxiak ere, ikusi dugunez, Manilan bizi ziren Ebaristo bateatu zutenean- ez da harritzekoa Kuban etxea, negozioa, sozioa edota lagunen bat izatea. Bazuen nora jo.

Hainbat urte egin zuen bertan, beti jaioterrira begira eta bertara itzultzeko itxaropena jagoten. Baina ametsak amets, Kuban hil zen Bermeora bueltatzeko guraria asea emateko aukerarik gabe.


Tagged: Bermeo, EAJ-PNV

Viewing all articles
Browse latest Browse all 15