Quantcast
Channel: Blog de Josu Erkoreka » EAJ-PNV
Viewing all articles
Browse latest Browse all 15

Bermeoko abertzale historikoak (11); Jeronimo Gotxi Ispizua

$
0
0

II Errepublikaren denboretan abertzale ezaguna bezain ospetsua izatera helduko zen Jeronimo Gotxi Ispizua, Bermeon jaio zen 1894ko irailaren 30ean. Aita, Abdón Gotxi Barturen izan zuen; ama berriz, Marzelina Ispizua Legarreta. Biak bermeotarrak. Gurasoak -aipatu ditugun Abdon eta Marzelina- Bermeoko Santa Eufemia elizan ezkondu ziren 1893ko otsailaren 13an.

Lau seme-alaba izan zuen bikoteak. Izan ere, ezteiak ospatu baino hilabete lehenago jaio zitzaien lehenbiziko alaba, Anastasia. Bateoa, “hija natural” gisa hartu zuen. Geroztik, Jeronimo bera, Eugenia (1896) eta Feliziano (1898) munduratu zituzten.

Jeronimo, Aurea Aguirre Martinezekin ezkondu zen, eta  hiru sema-alaba izan zuen: Concepción, Jeronimo eta Maria Amada.

Jeronimo Gotxi Ispizua

Arrantzale familian hasitako gizona

Bermeoko arrantza-komunitatearen baitan hasi eta hezi zen Jeronimo. Itsas gizona zuen aita eta portuko giroan, aieneko mutilen eta maierdikoen artean eman zituen bere bizitzako lehen urratsak.

1902ko maiatzean, aitak, Abdon Gotxik, eskaera bat zuzendu zion herriko udalari bere semearen gaixotasuna zela eta behar zituek farmakoak lortzeko laguntza eskatuz. Arrantzalea zela aipatzen zuen Abdonek eta txiroa izan arren, kofradiak ez ziola semea sendatzeko behar zuena ematen. Horregatik zuzentzen omen zion udalari eskaria. Abdonen idazkiak ez zuen semearen izena zehazten, baina Jeronimo bera izan zitekeen aipatzen zuen seme gaixoa. Udaleko aktak ematen duen informazioaren arabera, zera eskatzen zuen zehazki: “…se le conceda los específicos que necesita para la curación del hijo que tiene enfermo, fundándose en el estado de penuria en que se encuentra y en que la cofradía de mareantes a la que pertenece, no le autoriza para surtirse de específicos en el servicio farmacéutico de dicha sociedad”. Udalak herriaren farmazia-zerbitzua eskaintzea erabaki zuen “…en atención al estado de pobreza en que se encuentra, conforme con el dictamen de la comisión de estadística, desechando la solicitud de que se hace pidiendo específicos por no ser procedente esa clase de servicio”.

Jeronimoren sendiak, Bermeon beste askok bezalaxe, itsasora begira eta itsasoaren fruituetatik bizirauteko asmoz eratu eta garatu zuen bizitza.  Itsasoan hamaikatxo lan egin eta gero, Gotxitarrak -Jeronimoren aitaren anaia gaztea zen Patrizio buruan zelarik- euren itsasontzi propioa edukitzea lortu zuten 1912az geroztik. Urte horretan bertan, hain zuzen ere, Cocherito de Bilbao izeneko bapora itsasoratu zuten. Hamalau tonako itsasontzia, izan ere, 968 folioa zeramana.  Bederatzi urte beranduago, 1921an, trainerua egitea agindu zioten Bermeoko Goienetxearen ontzi-olari. Hau ere Cocherito izenarekin bateatu zuten. Ikusten denez oso zezenzaleak ziren Gotxitarrak eta Bilboko Castor Jauregibeitia, el cocherito toreatzaile famatuaren jarraitzaile sutsuak.

Hurrengo urtean, 1922an hamasei tonako bapor berria egin zuten. Oraingoan, berriz, Bermeotik kanpora joan ziren ontzi berria lantzeko. Zumaiako Eraso ontziolan egin zuten. Ontzi berriaren izena? Bada, ohiturari zintzo-zintzo jarraituz, Cocherito de Bilbao jarri zioten honi ere.

"Cocherito de Bilbao", Gotxitarren bapora (1345 folioduna) Bermeoko portuan.

“Cocherito de Bilbao”, Gotxitarren bapora (1345 folioduna) Bermeoko portuan.

Testuinguru honetan hasi zen Jeronimo. Gaztea zela itsasoratu zen eta familiaren ontzietan jardun zen bere heldutasunera arteko urteetan. II Errepublika heldu zenerako, arrantza lanetan eskarmentu handia lortutako gizona zen, zalantza barik. Gerora, berak ere bere ontzi propioa egingo zuen: 1933 urtean, Maitetasuna izeneko bapora jarri zuen itsasoan. 1937 urtearen ostean, Francoren erregimenak Bermeoko ontziei euskal izena kentzeko agindua eman zuenean, Belmonte izena jarri zioten ontzi honi. Juan Belmonte toreatzaile ezagunaren gorazarrez, seguru asko.

II Errepublikaren garaian, arrantzaleen kofradiak bizi izan zituen barne-tirabira eta iztiluetan protagonismo nabarmena izan zuen Jeronimok. Hortik datorkio, besteak beste, gaur egunean ere oraindik herritarren memoria kolektiboan mantentzen duen leku berezia.

Jeronimo Gotxi-ren lehen baporuntzia: "Maitetasuna". 1937az geroztik, frankistek behartuta, euskal izena kendu eta "Belmonte" jarri zion.

Jeronimo Gotxi-ren lehen baporuntzia: “Maitetasuna”. 1937az geroztik, frankistek behartuta, euskal izena kendu eta “Belmonte” jarri zion. Geroago, “Gochi” izendatuko zuen.

Arrantzaleen kofradian gertatutako liskar eta iztiluak

Labur-labur esanez, honako lerro hauen baitan gauzatu zen kofradiako kideen arteko liskarra. Erdi Arotik zetorren ohitura zaharrari jarraituz, Bermeoko arrantzaleek urtean-urtean izendatzen zituzten kofradiko karguak; maiordomoa edo presidentea euren artean. Hain zuzen ere, San Martin egunez egin ohi zen anaidiko karguen hautaketa. II Errepublika aldarrikatu zen urtean ere, jakina, horrela gertatu zen. San Martin egunean, azaroaren 11an, gremioaren karguak aukeratzeko bildu ziren Bermeoko arrantzaleak ohiko lekuan.

1914an onetsitako araudiaren arabera, hautaketa horretan bi taldek hartu behar zuen parte. Alde batetik, herriko armadore edo ontzijabeak. Eta bestetik, tostartekoak; hots, itsasontzien jabetzan parterik ez zeukaten arrantzale xumeak. Baina batzuk eta besteak ez zeukaten karguen hautaketan berdintasunez parte hartzeko eskubiderik. Aitzitik, ontzijabeak pisu gehiago zeukaten prozesu horretan tostarteko soilak baino: kofradiako ontzi bakoitzetik armadore batek botoa eman zezakeen bitartean, tostartekoen botoa, ordea, aldez aurretik euren artean aukeratu behar zituzten hamabi ordezkarik bakarrik eman zezaketen. Ez zegoen, beraz, armadore eta tostartekoen arteko parekotasunik. Armadore bakoitzak bere botoa zeukan arren, tostartekoak ordezkarien bitartez eman behar zuten botoa.

II Errepublikaren garaian Bermeoko arrantzaleen kofradiak izan zuen egoitza.

XX mendeko lehen hamarketan, Bermeoko arrantzaleen kofradiak izan zuen egoitza. Irudian, haserako eraikuntza ikus daiteke. Gerora, bi solairu gehiago erantsi zitzaizkion.

Ontzijabeak eta tostartekoak ekarpen ekonomiko berdin-berdina egiten zutela kofradiaren gastuei eusteko eta, 1925 urtean, kofradiaren karguak hautatzeko prozeduran ere, batzuk eta besteak, berdintasun osoz parte hartzeko eskubidea izango zutela erabaki omen zen anaidiaren batzar nagusian. Eta harrez gero, horrela egin omen ziren urteroko barne-hauteskundeak: ontzijabeak eta tostartekoak elkarren parean jarririk. Arrantzale bakoitzak -amadore zein tostarteko- boto bat emanez.  Hala ere, erabaki hori ez omen zen akta liburuetan jaso. Are gehiago, akordioa ez omen zitzaion jakinarazi Bizkaiko gobernadore zibilari. Beraz, ez omen zuen legezko eragin-indarrik.

Bada, 1931ko San Martin egunean, erabakiaren akats horiek guztiak, modurik gordinenean azaldu ziren Bermeoko arrantzaleen artean. Jeltzaleen esanetan, presidentearen hautaketa, 1925ko akordioa hartu ostean, urtean-urtean egiten zen prozedura berdina jarraituz egin behar zen 1931an ere. Eta armadorez eta tostartekoz osatutako batzar batean, Jeronimo Gotxi abertzalea aukeratu zuten kofradiaren buru berria izateko. Hori ikusi zuenean, aurreko urtean -1930tik 1931rakoan- presidente lanetan jardun zen Santiago Diaz de Corcuera monarkiazaleak, berehala deuseztu zuen hautaketa, ontzijabeen eskubide eta abantailak urratu zuela argudiatuz. Kontua da, bera ere, modu berdinean izan zela aukeratua urte bat lehenago: tostarteko guztien botoarekin.

Baina beretzat balio izan zuenak ez omen zuen balio Jeronimo Gotxirentzat.

Herriko alkateak, orduan, hautaketa berria egiteko agindu zion. Baina egunak joan egunak etorri, Santiago Díaz-ek ez zuen batzar nagusirik deitzen. Eta iztiluak bere hartan jarraitzen zuen: ez atzera ez aurrera. Soluziobiderik gabe. Horrek, etxean egotera behartzen zituen arrantzaleak, itsasoratu gabe. Eta etxegunetan, jakina, ez dago arrantzarik, ezta partijarik ere.

Armadoreek eta tostartekoek kofradiaren barruan izan behar zuten pisuari buruzkoa, aspaldiko auzia zen Bermeoko arrantzaleen kofradian. Aspaldikoa, benetan. Baina 1931an, sasoiko politikaren jantziekin azaldu zen eztabaida zaharra. Zehatzago esateko, une hartan, Bermeoko jeltzaleak eta errepublikazaleak elkarren artean zeuzkaten tirabirei lotuta. Izan ere, armadoreen artean, nahiko parekatuta zeuden abertzaleak eta ez-abertzaleak. Eta norbaitek irabaztekotan, ez-abertzaleak, gehiagotxo izango ziren seguru asko. Tostartekoen artean, ordea, abertzaletasuna zen nagusi. Edo beste era batera esanez, arrantzale xumeen artean, asko gehiago ziren Sabin Aranaren jarraitzaleak, monarkiazale edo errepublikazaleak baino. Horrek esan nahi zuen, tostarteko guzti-guztiei aitortzen bazitzaien presidentearen hautaketan parte hartzeko eskubidea, hautagai abertzalea izango zela presidentea, inolako zalantza barik. Eta tostartekoen parte hartzea mugatzen bazen, berriz, abertzaleak ez ziren hautagaiak ere, kofradiaren presidentzia eskuratzeko aukera izan zezaketela.

Horrela ikusten eta bizitzen zen, 1931an, kofradiko auzi zaharra. Eta Bermeoko burruka politikoetan, jakina, alderdi politiko guztien helburu maitatua izan da beti kofradia eurenganatu eta anaidiaren ganeko kontrola bermatzea. Aurreko hamarkadetan ere, politikak eragindako zatiketa bat baino gehiago ezagututa zegoen Bermeoko arrantzaleen anaidia.

Jeronimo Gotxi bere lagunekin "Cochi" izeneko  untzian

Jeronimo Gotxi bere lagunekin “Gochi” izeneko untzian. Zutunik daudenen artean, eskumatik hasi eta bigarrena da Gotxi.

Kontua da, kasu honetan, abertzaleen interesa -EAJren estrategiari komeni zitzaiona- hobeto uztartzen zela demokraziaren eta berdintasunaren eskakizunekin, ez-abertzaleena baino. Jeronimo Gotxi armadorea zen -bere familiak ontzi baten jabetza zeukalako- baina tostartekoen eskubideen alde jokatzen zuen eta hori demokraziaren eta berdintasunaren defentsa bezala saldu zitekeen. Are gehiago, bere jarrera langileen eta gizarte-eskubideen aldeko apostu gisa ikus zitekeen. Jeronimo Gotxik argi asko nabarmenarazi zuen bere jarrera eta planteamenduaren dimentsio sozial hori. Politika abertzalea egiten baino, kofradia demokratizatzen zebilela zihoen une orotan, eta langileen berezko doheari dagokiona aitortzen. Horregatik jaso zuen -besteak beste, jakina- ELA-STV sindikatuaren babesa.

Gotxi eta Díaz-en arteko eztabaida aipatu barik, Euzkadi egunkarian Bermeoko kronikak euskaraz idazten zituen Julen Urkidik, samur bezain garden jasotzen zituen arrazoi hauek, 1933ko otsailaren 23ko alean. Arrantzale abertzaleen meritua zen kofradiko guztien artean berdintasuna ezarri eta langileen eskubide sozialak bermatu izanarena. Ez zen tostartekoen meritua,  ez eta arrantzale ezkertiarrena, arrantzale abertzaleena baino; hots, abertzaleak ziren ontzijabe eta tostartekoena:

“…lanik geyen egin dabienak tostarteko eskubidien alde, miñian, “Democracia”, “Libertad” eta “Justicia” dabilzazenak barik, Eusko Abertzale ontzi-jabiak izan dira [...] Asi-amayera emonda, emen, uri onetan, gustijok gara bardiñak goyan esan dodanez; gaur ni banaz ontzi jaubia bijar ixango naz tostartekua; eta ostera, bijar jaube, gaurko tostartekua [...]

Abertzale-arrantzalien artien aldakuntza gitxi dagola lan-irabasijakaz. Burukomiñik andijena amaitu da. Autarki eta abotsan eskubidia abertzale tostartekuak badaukoe eta pozik dagoz. Orain uste dot aurrerapidiak laster ixango dirala.

Bardindu dagijela beste lan-arazo gustijetan Bermeo´ko abertzale ontzi-jabiei egikera, eta amaita gauza gustijen burrukea.

Eta begiratu non eruaten dan “komunismoa” egokijago emen Bermeo´n ala lbeste ludiko bazterren baten. Mutilkoskor bat zein beste edozein andi Bermeo´ko itxasora ba-dua, baardin irabasten; bardin jakija etxera eroan bere aldi gustijan itxarsora iblli dana lez; bardin anaidijan jabe; bardin abots eta autarkija; esate baerako bere bixitza gztijan itxasora dabiltzazanen beste eskubide itxas anaidijan ¿Non komunismo benetakoa Bermeo´n baño?”

Nolanahi ere, kofradikideen arteko liskarra ez zen erraz eta azkar bideratu, ez horixe. Hurrengo hilabeteetan zenbat nahi tentsio eta tirabira izan zen arrantzaleen anaidian. Udalak eta Gobernadore Zibilak ere ahalegin ugari egin zuten auzia konpontzeko, baina alfer-alferrik izan ziren denak. Aitzitik, hain tinkoak eta mugiezinak ziren batzuen ete besteen jarrerak, konpondu beharrean, aldrebestu eta gogortu egin zen auzia. Bitartekaritza lanak ere proposatu ziren proposatu, eta saiatu ere bai. Baina hauek ere porrot egin zuten, denak. Geroago eta okerrago zihoan auzia

Egunak aurrera egiten zuten eta ez zirudien elkarrizketa bidez adostasun batera heltzeko modurik zegoenik. Geroago eta argiago ikusten zen negoziaketak bazterrean utzi eta epaileen eskuetan jarri behar zela arazoa. Eta ikusiko dugunez, horrela izan zen azkenean.

Kofradian sortutako auzi hau, liskar gogorra eta latza izan zen, arrantzaleentzat ez ezik, baita gainontzeko herritarrentzat ere. Burrukak eta ezinikusikuak ugari zabaldu zituen handik eta hemendik. Horrez ganera, luzea ere izan zen. Oso luzea. Hilabete askotan iraun zuen herritarren arteko elkarbizitza garraztu, oztopatu eta urratzen. Lehiaren ikurrak, Jeronimo Gotxi eta Santiago Díaz, antagonismoaren ikono bihurtu ziren eta, aldi berean, herriko eztabaida politikoaren buru ikusgarriak. Abertzalea lehena, tostarkekoen defendatzailea, eta ez-abertzalea bigarrena.

Santiago Díaz ere -esan dezadan bidenabar- ez zen edozein Bermeoko arrantza-komunitatearen baitan. Bere aita, Frantzisko Díaz de Corcuera Zarate, Bilbon jaioa zen arren Bermeoko Fermina Elorza Larrauri-rekin ezkondu zen 1883ko ekainaren 23an, eta itsasoko gizon bihurtu zen; izan ere, arrantzale familia orok itsasoari zor dion zerga latza ordaindu zuen bere bizitzarekin. Frantzisko eta bere -izen bardineko- semea, 1912ko galarrenean ito ziren Vizcaya izeneko txalupan, Bermeoko beste 114 gizon batekin batera. Zerga garestia, alajaina. Santiago, berriz, 1899ko abuztuaren 31an jaio zen eta XX mendeko lehen hamarkadetan zehar, bere baporuntzi propioak izango zituen, Artxanda izenarekin lehenago eta, Franco agintean jarri ostean, Santiago Díaz izenarekin.

Santiago Díaz ez zen, berez, errepublikazalea. 1931ko apirilaren udal-hauteskundeetan, monarkiazaleen zerrendan aurkeztu zen. Baina Errepublikaren etorrerarekin, errepublikazale bilakatu zen eta errepublikazale gisa jokatu zuen Bermeon, 1931tik 1936ra bitarteko urteetan.

Santiago Díaz de Corcuera Elorza-ren "Santiago Díaz" izeneko baporuntzia

Santiago Díaz de Corcuera Elorza-ren “Santiago Díaz” izeneko baporuntzia

Garaiko jeltzaleak, biziak, adoretsuak eta ekimen handikoak ziren Bermeon. Euren ikuspuntuak gizartearen aurrean defendatzeko orduan, abestiak, bertsoak eta kanta-paperak egin ohi zituzten.  Gero, kanta horiek kalez-kale abestuz, herritarrak euren esparrura erakarten zituzen. Gaur egunean ere sarri abesten dira kanta horiek bermotarren artean, nahiz eta jende askok ulertzen ez dituen eta gauza ez den nola eta zein testuingurutan sortu ziren zehazteko.

1931ko abenduaren 22an, liskarrak estanda egin eta berrogeita hamaika egun beranduago, iztilu handiak izan ziren kofradian. Herriko alkatea arrantzaleen batzar bat -beste batzar bat- egiten ahalegindu zen baina, honegatik ala besteagatik, kasu honetan ere ez zen posiblea izan kofradikideak biltzea. Are gehiago, kasu honetan, burruka bizian amaitu zuten bertaratutakoak -aizto eta palo eta guztiko burrukan- eta Goardia Zibilak etorri behar izan zuen iztiluak geldiarazi eta egoera paketzeko. Eurek botatako tiro bat baino gehiago entzun omen zen. Eta jakin minak eraginda, andrazkoak eta umeak ere asko inguratu omen ziren iztiluak geratu ziren lekura.

Egitate horiek gogoratuz, jeltzaleek egindako abestiak honela zihoen:

“Cañonazos en zubiazpi,

ay, ay ay, que risa me da,

la Cofradia de Bermeo,

arruinada como está.

—————————

Nork arruine dau?

Santiago Díaz-ek.

Egunien-egunien

partikarak beteten.

Euzkadi egunkariak argitaratu zuen argazki honetan, Goardia Zibilak ikusten dira, garai hartako kofradiaren egoitzaren ondoan zegoen zubiaren azpian -oraindik ere bertan dirau zubiak- iztiluak deusezten. Emakume eta haurrak ere ugari ikusten dira irudian.

Euzkadi egunkariak argitaratu zuen argazkian, Goardia Zibila ikusten da zubiazpian, kofradiako kideen batzarra babesten. Bermeoko herri kantak, une hori gogoratzen du: "Cañonazos en zubiazpi.."

Euzkadi egunkariak argitaratu zuen argazkian, Goardia Zibila ikusten da zubiazpian, kofradiako kideen batzarra babesten. Bermeoko herri kantak, une hori gogoratzen du: “Cañonazos en zubiazpi..”

Gobernadore zibilak ere, akordioa lortzea oso zaila zela ikusirik, amore eman zuen, arrantzaleen arteko liskarra bere hartan utzirik. Bien bitartean, gabonak heldu ziran. Eta arrantzaleak, kofradiako iztiluak zirela eta, luzaroan itsasoratu barik egon ostean, dirurik-ezari eta eskasia larriari aurre egiten hasita zeuden. Hain egoera penagarriak ikusita, Euzkadi egunkariak dirubilketa publiko bat antolatu zuen, Euzko Gaztedi, Emakume Abertzale Batza, ELA eta beste batzuen ekimenez, Bermeoko arrantzaleei bizkaitarren solidaritatea erakusteko asmoz. Gabon jaiak hasi zirenerako, 25.000 pezeta banatu ziren Bermeon, Bizkaia osoan herriko arrantzaleentzat bildutakoak. Eta gabon egunean hainbat kamioi etorri zen herrira, arrantzaleentzat eta euren familientzat janariak eta beharrak ekarten. Mobilizazio handia izan zen Bizkaia osoan, jeltzaleek bultzatuta. Lauaxeta olerkariak ere, artikulotxo bat argitaratu zuen Euzkadi egunkarian Bermeoko arrantzaleen egoera larria gogoratuz eta EAJko abertzaleek -errepublikazale ezkertiarrak ez bezala- eurekin erakutsi zuten solidaritatea goraipatuz:

Bermeotarrak

Oneik dira mutilla, oneik. Eztago ludijan euren aurka egitekorik. Ez gosiak eta ez jauntxuben purrustadak, eztabez atzeratuten. Itxasua da euren ogibidia, ta arima-bako batzuk kendu gura ixan dautsoe bide orixe be, Gabon egunetan zer janik euki eztagijentzat.

Gosez ostera koldartu ete dira bermeotarrok? Ez bein. Gogor egin dabe tostartekoen azkatasunen-zain. Lenago jauntxu ziranak, orain be ixan nai dabe, baña arrantzaliak eztagoz lotan, eurei zer ondo yatorkoen ikasi dabe. Gabonetan zer janik ez etxietan, umiai ogirik emoteko be ez. Baña emakumiak ziran gorenguak, euren semiai Euzkadi´ren ixen goragarrija aitatuten eutsabenak. Arein bijotz barrubetatik, iñrk eztau kenduko Aberrijaren maitasun berua.

Eta ogija kendu dautsoenak, pozik egongo dira. Ainbeste dru galdu eragin eta pozik egongo dira. Elxara be juango dira… Olakuak elexatik kanpora jaurti biar leukez. Errukirik eztaukon gixona, ezta katolikuba, ez erdi be. Orreik oba dira basamortuban egoteko.

Baña makurtu dabez bermeotarren burubak? ¡Ez orixe! eta euren didarra eldu yaku geure bijotzetaragiño ta arin juan gara geure laguntzagaz. Euzkadi gustijak sentidu dau arein abotsa ta egun bijan zelako diru pillua batu dogu.

Gabon egunean geure etxietan poza eztogu gura ixan bakarrik, anayak gosez dagozanean. Arei be geure ogi zatija emon dautsoegu. Anai onai sarri laguntza eskatu ixan dautsoegu, ta eurek gosez egon diranean, emakumiak buru dirala, juan gayakoez.

An ziran Bilbao´ko emakumerik dotorienak, arrantzaien umetxubai mosuka. Otzaren bildu barik juan ziran eta pozarren egozan. Gabonetako janarija eukiko ebelako.

Millak eta milak laurlekuak batu doguz lipar batean. Non olakorik ikusten, euzkotarren artian baño? Emen benetako ziñismena daguan toki onetan ori egiten da. Abertzaliak alkarreri lagunduten, euren sakelak zabaldu dabez. Lan-bako asko dira uri andijetan, eta orrei be emon yakoe al ixan dana.

Abertzaletasunak danentzako ateraten dau, eztagon tokitik be. Geure Goi-maitasunak eragiten dausku ori. Bitartian zer egin dabe ezkertar barrabasak? Euren ixan dira ogi barik ainbeste jende itxi dabezenak, eta gero gosez ilten itxi dabez.

Eztia gomutan txiruakaz. Lan-bako asko ei-da, baña nork egin dau ezertxu orrein aldez? Kabernikola garean oneik. Eta geure anayentzat asko batu dogulako, kanpokuai be emon yakoe. Danentzako ogija daukogu. Zorijoneko abertzaletasuna, burutik eragiten dausku.

Bermeotarrai etzakoez aiztuko aurtengo Gabonak. Euren bijotzetan iraungo dau oroi onek, eta ameak aurrai esango dautsoe abertzaletasunaren alatza edo milagrua. Jaun-Gikuaren aurka egiten dabenok, orain ikusten dira zer gura daben. Txiruai emoteko eztaukoe ezer, eurentzat baño. Eredu andijak emon dauskubez bermeotarrak, eta aurrera be emongo dauskubez, EUzkadi´ko erri txukun ori geure kutuna dalako. Ango yentiak eztira edonor, zintzuak baño. Aurpegi baltzetan eta begi sakonetan ikusten genduban arein eskar ona. Goxonezkuak eta andrazkuak, gustijak pozez eta ulmetxubak geuri praketatik tiraka. Bermeon gauza asko ikasi dogu”

Baina kofradiko auziak, aurrera jarraitzen zuen, soluziobidea aurkitu ezinik eta herrian nahaspila saratatsua sortzen. 1932ko otsailean, Marinako agintariek, hartu zuten eskua liskarrean. Baina hauek ere ez zuten ezer argirik lortu. Eta egunetik egunera, kofradia, iraganean bezala, bi zatitan banatzen hasi zen berriro. Kanpokoen eta barrukoen artean zatitu zen. Ez-abertzaleak aurrenekoak eta abertzaleak besteak.

Kofradiaren banku-libretak itzultzeari buruzko auzia

Gauzak horrela, eztabaida berria sortu zen: Kofradiaren diruak jasotzen zituzten banku-libretak, noren eskuetan egon behar zuten. Auzi garrantzitsua zen hori, Kofradiaren jarduna eta, bereiziki, arrantzale zaharrei euren pentsioa emateari buruzkoa, libretak bere esku zeuzkanak bakarrik burutu zezakeelako. 1931ko azaroan izan ziren batzarretan, Jeronimo Gotxiren eskuetan gelditu ziren. Baina oraingoan, Santiago Díaz-en taldekoek, eurei eman behar zitzaiela esaten zuten, presidentea, oraindik ere, Santiago Díaz bera zelako. Eta arrazoia zeukatela uste izanik, epailearengana jo zuten, Gotxik bere baitan zituen libretak eman zitzala eskatuz.

Episodio honek ere, jeltzaleen artean zeuden kanta-egile oparoen sormena piztu zuen. Honela dio asmatu zuten abestiak:

“A Jeronimo Gotxi

le llevan a Bilbao,

para entregar cartillas

a Santiago Díaz.

Y Jeron le contesta:

¿cómo te voy a dar?

Primero cuentas claras

en Junta General.

—————————–

¿Nork arruine dau?

Santiago Díaz-ek.

Egunien-egunien

partikarak beteten.

Euskeraz ere beste bertsio bat sortu zuten:

“Guardijek juen dire

Jeron Gotxijenera

libretak emoteko

euren eskuetara.

Jeronek esan tsoie

bildur ta ikara barik

ez dotaz nik emoten

Junta Jeneral barik”

Azkenean, Gotxik ez zizkion Santiago Díaz-i libretak eman. Eta epailearen erabakia ez betetzeagatik, auziperatua izan zen eta espetxeratzeko agindua hartu zuen. kolpe handia izan zen hura bere jarraitzaileentzat. Arrantzaleen patroia den San Pedro egunaren bezperetan, ekainaren azken egunetan, Kofradia klausuratzea agindu zuen epaileak “por el modo ilícito como está funcionando”. Eta hori nahikoa ez balitz, epaileak, delitu itxurako portaerak somatu zituen Jeronimo Gotxirengan, “el cual -zioen erabaki judizialak- abrogándose, por encima de las órdenes del gobernador, el cargo de presidente, se había incautado de libretas de ahorro de la Sociedad, paralizando la vida de ésta”. Eta espetxera bidali zuen.

Baina Gotxik ez zuen presondegian denbora askorik iraun. Bi-hiru hilabete gehienez. Epaiketa hasi arte, Jeronimori behin-behineko askatasuna aitortu eta libre uztea erabaki zuen epaileak 1932ko irailean.

Laster batean heldu zen berri ona Bermeoko jeltzaleengana. Eta Gotxi espetxeratzeak behea jota utzi bazituen, kaleratzearen berriak poz algaratan jarri zituen Bermeoko arrantzale abertzaleak. UBBak ere batzorde berezi bat osatu zuten Jeronimori eskaini nahi zioten omenaldia antolatzen joateko. Hori eta gehiago ere merezi zuen Gotxik.

Bermeoko arrantzaleen kofradia, II Errepublikaren denboretan

Bermeoko arrantzaleen kofradia, II Errepublikaren denboretan

1932ko urriaren hasierarako finkatu zuten omenaldia. Artza frontoian izango zen eta lagun arteko bazkariaren ostean hizlariak izango ziren. Batzordeak gonbidapen ugari bidali zuen ekitaldira ahalik eta jenderik gehiena eta entzutetsuena gonbidatzeko. Federiko Zabala abokatuari ere, besteak beste, Gotxiren epaiketan defentsa-lanak egiten ibili zelako, gonbitea luzatu zioten. Horretarako bidali zioten idazkian, ekitaldi ederra izango zela aurreratu zioten. Izan ere, 510 pertsona omen ziren jada bazkarian parte hartzeko izena emanda zeukatenak.

Jeronimo Gotxi, espetxetik askatua eta Bermeon omendua

Espetxetik irten zuenean, 1932ko irailaren amaireran, harrera beroa izan zuen Gotxik Bermeon. Datarik aipagarrienetarako erreserbatzen diren horietakoa. Txaloka eta poztasun-zantzoen artean eman zioten ongietorria bermeotarrek, abertzaletasunaren eta tostartekoen gizarte-eskubideen alde jokatu zuen paperarengatik. Horrela kontatzen zuen Julen Urkidik Euzkadi egunkarian argitaratutako kronikan:

“Askatu dabe, astartian atxilotuta egon zan tokitik Gotxi´tar K[eronimo] tostartekuen aldez dagon lema-zaña.
Iluntzeko sei ta erdijak inguruban uriratu zan eta bere sarrerea, ezta Alcala Zamora eta Prieto etorri ixan ba-lira be Bermeon ezeutsien arrera ederragorik egingo. ¡A ixan zan oztetzearen aundija! Bermeorik geyena an aurkitzen zan, ujujuka ta ¡Gora Gotxi! Didarka. Arrantzale bulartsubak be pozik ziran eta euren lema zaña bizkarreratuta Euzko Langileen Batzokiraño eruan eben.
Bide guztijetan alaitasuna baño besterik etzan ikusten, Leyoetatik emakume asko euren umetxubak besuetan ebezala Gotxi´ri goraka ikusten ziran.
Bermeoko arrantzaliak ondo baño obeto artu eben Gotxi zintzua.
Oneik oyal aundi bat atara eben, eta bertan idazkun au irakurten zan: “Gu Bermeo´ko arrantzaliak zeugaz gagoz beti”. Auxe da Urtzi´k aginduten daben anai-arteko maitasuna.
Gotxi, azkenian, eskerrak emoteko, Batzokiko leyo batera urten zan. Begira euzan adizkidiak baña eskerrak emonaz bakarrik geratzeko ezegozan, eskerrak baño aren itzalditxu bat entzutia atsegiñago yaken-eta. Eta Gotxi´k negarra begijetan ebala, esan eutsen:
“Arrantzaliak: goiko nai beko, neure aurka danak ba-datorz be, zubek nigaz zagozen arte ni zeubekaz ixango naz. Aurrera ba. ¡Beti aurrera jarraitu artutako bidiari elburura eldu arte”.
Itz oneik esatia amaitu ebanian an ixan ziran ¡gora Gotxi! eta abarrek, ezeben amairik.
Gotxi´ri lagunduten etorrita emen aurkitzen ziran Galastegi´tar Eli, Gerrika-Etxebarría, Zabala, Egizaga eta beste batzuk be. Eta Zabala jaunak, zerbait esatia gura zan-eta, esan eban:
“Bermeotarrak alaitu zaiteze, ondiño bixi zarie-ta. Erbestetarren maltzurkerijai guda egiteko gertu egon, ba. ¡Gertu abertzaliak!, ez nai dozubena lortuteko bakarrik, orduba datorrenian ilteko be bai. Guztirako gertu egon abertzale anai maitiak”
An entzuten ziran tostarteko eta enparauko euzkotar guztijai be itz maitakorrak esan eutsezan Zabala jaunak.
Gallastegi´tar Eli abertzale zintzuak be, errijak eskatuta, itz batzuk esan ebazan. Anaitasunezko agur sutsu maitekor bat Bilbao´ko Euzko-Gastedijaren ixeniak ekarri euskula esan euskun. Eli´ren itzak samurrak ixan be-ta, bijotzeraño sartu yakuzan, ea maitasunez txalo-txaloka imiñi.
Azkenez, barriz, euzko abestijak danen artian abestu ziran. Eta 4000 notiñen agurra entzun ondoren, Gallastegi, Gerrika-Etxebarria, Zabala, Egizaga eta lagunak euren etxietarantz egin ziran. Agur, bai, guztijoi”

Urriaren 2an, iragarritako omenaldia egin zitzaion Gotxiri Artza frontoian. Euzkadi egunkariak eman zuen informazioari jarraiki, ia-ia mila pertsonak bazkaldu zuten bertan. Eta besteak beste, Manu Robles-Arangiz,  Jesus Zabala eta Juan Jose Basterra egon ziren ELA-ren izenean. Juventud Vasca-tik, Jose Mari Garate bertaratu zen. Eta abokatuen artetik, berriz, Federiko Zabalak eta Fidel Orbetak parte hartu zuten ekitaldian.

Bazkari ederraren ostean, hizlarien txanda etorri zen. Robles-Arangizek hartu zuten hitza aurrena eta, Euzkadi egunariaren arabera, “ensalzó la figura del señor Gotxi, señalándolo como modelo y diciendo que lo que Solidaridad necesita son hombres de ese temple”. Zabalak ere goraipatu egin zuen omenduaren irudia “…diciendo que supieron sufrir y soportar la cárcel como buenos patriotas”.

Baina omenaldia amaitu zenean, denak jarraitzen zuen bere hartan. Gotxi kalean, baina auziperatuta, arrantzaleen arteko tentsioak gori-gori, eta kofradikideen artean ulertezintasuna nagusi.

Gotxi auzipean, II Errepublikaren garaian beste jeltzale asko bezalaxe

II Errepublikako urteetan, jeltzale asko izan zen espetxean. Legealdi konstituziogilean, ezkerreko gobernuek irmo eta zorrotz jokatu zutelako errepublikaren kontrakotzat hartzen zituzten jokabide politikoen kontra. Eta urtebiko beltzean, berriz, eskumako gobernuak ere irizpide autoritarioekin jardun zutelako.

EAJko Presoen aldeko batzordeak bere gutunetan erabili ohi zuen menbretea

EAJko Presoen aldeko batzordeak bere gutunetan erabili ohi zuen menbretea

Bermeoko jeltzaleak ez ziren horretan salbuespena izan. Bizkai Buru Batzarrak eta EAJren Presoen aldeko batzordeak abokatuekin gurutzatu zituzten gutunetan oso argi ikusten da, lege-gizonek lan oparoa izan zutela auziperatutako jeltzale bermeotarrak defendatzen. 1932ko abenduaren 15ean, esate baterako, Frantzisko Mardones abokatuak, Gernikako epaileak Inazio Garro Goitia bermeotarraren kontra hartutako auziperatze autoari buruzko informazio ematen zion Presoen aldeko batzordeari:

“Les incluyo un auto de procesamiento contra el bermeotarra Garro, según me dicen en el Juzgado la prueba le es favorable, estando solo en su contra las declaraciones de los municipales. Están en la cárcel otros dos bermeotarras, José Antonio Ibarretxe y Emilio Ormaetxea Goitia. El primero debe ser un chiquillo de unos 16 años y unos meses, que ha hecho un disparo con un cacharrillo viejo e inservible encontrado en la playa, contra un republicano de unos 36 años que intentó agredirle. El segundo debe estar detenido por haber tratado de defender a su mujer de algún mal trato de los guardias [...] todos estamos aquí ya preparados a ello, por la costumbre que vamos adquiriendo toda esta temporada de persecución sistemática”.

Hilabete batzuk geroago, beste bi sumarioen sobreseimendua jakinarazten zuen Mardonesek:

“siendo uno el referente a la “brillante” actuación de los guardias de asalto en Bermeo, por la que resultaron procesados por este Juzgado, Dominica Arketa, Serapio San Nicolás Telletxea y Anastasio Arketa, este último y aquélla hijos de Tomás Arketa, el veterano patriota bermeotarra [...] y el sumario concerniente a dos bermeotarras procesados por suponérseles autores de la colocación de un petardo en el portal de la casa de Juanito Etxebarria de Bermeo, petardo que por cierto no estalló”

1933ko martxoaren 18an, berriz, Bermeoko EAJren UBBak berak jakinarazten zion BBBko Karlos Billalabeitiari bere bazkideen arteko baten auziperatzea:

“Nuestro afiliado Cirilo de Zabala Allica ha sido procesado en el sumario 695, como autor del escrito que con el título “Si para algo te sirve Amilibia” apareció en el número 12 de Jagi-Jagi y con fecha de ayer se le ha participado que en el plazo de diez días debe designar Abogado y Procurador”

Hainbeste gehiegikeri eta espetxeratzekin neka-neka eginda, Julen Urkidi kazetari bermeotarrak zutabe gogorra argitaratu zuen behin Euzkadi egunkarian, Errepublikako agintariek militante abertzaleak jasartzeko eta atxilotzeko erakusten zuten joera onartezina salatuz. Horrela idazten zuen 1934ko urtarrilaren 30eko alean:

“Abertzale bat geyago espetxian [...] Orain aste-bete inguru dala eruan dauskube espetxera uri onetatik beste abertzale bat. Berau, ¿ze zijogatik? Abertzale bat ilunpera eruateko zijo gitxi biar da. Naikua Euzko-Abertzalia ixatia. Eta, españar ta españa-zaliari maitasunik ez erakustia. Guzurra dirudi gertaera onek jazotia ogei garren gixaldijan. Ba, irakurle, egija da.

San Nikolas´tar Serapi, gexo dagola, eruan deuskube espetxera. ¡Odolak burura igoteko gauzak dira eurok ixan be, eurei ererijuei be errukija emon deutsoe-ta… ¿Baña zergatik eruan dabe ilumpera gixon gexo au? Eztakigu. Egija, gaur espetxian aurkituten da. ¿Zijua? Neikua: Abertzale ixatia. Gaxo-gaxua erruki aut bijotzez.

Astoreka´tar Estepan mutikotxuba emen geure artian oraintsu etorrita dago, espetxian zazpi ilabete ta geyago eginda. Beronen zijua besterik ez irakurle Abertzalia ixatia baño. Gazte gixaxo au arin eruan ebien erri “adelantaduen” “universidadera” gixon andi ta jakituna egiten. Eskerrak bere ixenian. Au da España´ko “zibilizaziñua”. ¡Gaizkin bidia! ¡Negarra!

Goyenetxea´tar Pelikite arrantzale emakume zoritxarrekua, umetxu gaxo askoren ama ¡Ama! Zein ixen ederra dan…! Ba, andere au, erritik bere Bermeo maitetik at, erbestian, aldi luzian egon da gero, geure artian aurkituten da. ¡Ze poza! ¿Beronen zijua, zein, ain gogor zigortuteko? Irakurle, naikua… Abertzalia ixatia”

Auziperatua izan zen unetik, Jeronimo Gotxiri buruzko informazioak ere maiz agertuko dira dokumentazio honetan. 1933ko maiatzaren 11an, Bermeoko epaitegiak dei egiten zion Gotxiri, hamar egun igaro baino lehen Bilboko Entzutegi Probintzialean aurpegia eman dezan “…en el sumario número 50 sobre desórdenes y desobediencias”. Bermeoko uri buru batzarrak, ordea, erantzun zion ez zuela Gotxiren kontrako sumario hori ezagutzen. Aitzitik, Gotxik beste bi sumario zeuzkala: 172 y 219 garrenak.

1933 urtea aurrera zihoan eta azarorako, hauteskunde orokorrak deituta zeuden. Horren aurretik, kofradiko presidenteek, Mariano Azeretxok eta Luis Bengoetxeak, biak jeltzaleak, euren kezka azaltzen zioten Alderdiari, kofradia baztertua eta ahaztuta ikusirik, egoera horrek ez ote zion alderdiari ondorio ezkorrik ekarriko. Idazkian argi erakusten da, kofradia pieza garrantzitsua zela Bermeon arrakasta izan nahi zuen alderdi ororentzat. Bestalde, kofradiko buruek ikusten zuten legealdia amaitzeko bidean zegoela eta ordura arte gobernuan egon zirenak -errepublikazale eta ezkertiarrak- aldatzen baziren, kofradiaren auzian ere gauzak aldatu egin zitezkeela. Errepublikazale eta ezkertiarrek babes eta laguntza handia eman baitzieten Gotxiren kontrakoei:

“Ante las graves circunstancias por las que ha atravesado el PNV en Bermeo y en general en el País, no hemos querido agravar esta situación exteriorizando nuestro disgusto ante las autoridades legítimas del Partido, disgusto producido pro el abandono en que se ha tenido nuestro pleito anterior al que no se le ha dedicado todo el estudio que exigía y merecía.

Hoy acentuado este disgusto entre todo el elemento pescador, cuyo descontento puede originar incluso un gravísimo quebranto de su fuerza al nacionalismo local, es por lo que nos dirigimos a esa nuestra legítima Autoridad a fin de que tome inmediatamente las determinaciones que la gravedad del caso requiere.

Vivimos cerca de dos años y medio en continuos sobresaltos. Los atropellos que contra nosotros se han cometido, de todo genero, son innumerables. No los vamos a citar caso por caso, porque ello sería hacer una relación interminable. Vamos a concretarnos tan solo a la ultima maniobra que los elementos enemigos pretenden llevar a cabo

Se quiere dividir la cofradía apoyándose en una providencia del Juez de Guernica: se han puesto ya manos a la obra; tan solo esta pendiente de la autorización del Municipio, tramite ordinario que se exige para ejecutar toda obra.

Esto no se puede permitir. Ello sería hundir para siempre la Cofradía. Mas: si esto se realiza, la cofradía para nosotros es cosa perdida. Y perdida la cofradía, les aseguramos, porque nosotros podemos asegurarles esto, pues conocemos el ambiente que se respira, perdida la cofradía, repetimos, el partido nacionalista recibe un golpe de muerte en su organización de Bermeo

Ante este grave problema no podemos permanecer inactivos, nosotros que sentimos la enorme responsabilidad que contraemos; es necesario remover todos los resortes: urge agotar todos los medios y todos los recursos, valiéndose de quien sea y como sea a fin de que no se perpetre este nuevo asalto a nuestra Institución más querida, mas veterana y más venerada.

Nosotros hemos prometido a nuestra masa que la división no se llevará a cabo. Nos han hecho recordar y esto reconocemos, que el pleito de la cofradía está envuelto por parte de nuestros enemigos en un ambiente de una política feroz. Los que han mangoneado hasta ahora, hoy no tienen influencia en Madrid.

Y bien: ¿Tampoco podemos encontrarla hoy nosotros? Nuestros hombres más representativos, no pueden hacer, siquiera una vez, también POLÍTICA de este pleito? Ellos ofrecen 1500 votos porque se haga la división, nosotros ofrecemos 3000 para que no se haga

Insistimos una vez más de que se trata de un pleito de vida o muerte de intereses sagrados, NUESTRA EXISTENCIA Y NUESTRO NACIONALISMO. Es doloroso hablar así, pero ya lo decimos el porqué: nos empujan a vivir o morir”

Bien bitartean, Jeronimo EAJren ordezkari -apoderado- moduan ikusten dugu 1933ko azaroaren hauteskunde orokorretan, “Escuelas” barrutian.

Epaiak, Gotxi zigor barik eta Kofradiako presidentzian jartzen du.

Epaiketa 1934ko martxoan egin zen. Eta erabakia, berriz, urte bereko ekainean eman zuen epaileak. Epaiak, kargu guztietatik absoluzioa eman zion Gotxiri. Epailearen aginduz itxita egon ondoren, ekainaren 14an batzartu zen arrantzaleen kofradia lehen aldiz, 1931ko iztiluak gertatu zirenetik. eta Jeronimo Gotxi bera izan zen batzarraren burua. Jendez ganezka egon zen batzar-gela. Euzkadi egunkariak zioenez, “se dio lectura a la sentencia del Tribunal por la que se absolvía al señor Gotxi y se levantaba la clausura que pesaba sobre la entidad, y se acordó reponer la Junta que había sido elegida el día 14 de noviembre de 1931”.

Geroztik eta frankismoa etorri arte, EAJren esparruan ikusiko dugu Gotxi. Batzoki berria inauguratu zenean, 1934ko ekainean, ondo aukeratutako gonbidatuen artean jesarru zuten antolatzaileek, mahai printzipalean. Horrela zehazten zuen Euzkadi egunariak argitaratu zuen kronikak: “El número de comensales fue, por disposición de los organizadores de los actos, limitadísimo, reduciéndose a los siguientes [...] Gotxi, presidente de la Cofradía de San Pedro”

Jeronimo Gochi untzian, bere bizitzako azken urteetan.

Jeronimo Gochi untzian, bere bizitzako azken urteetan.

1952ko urtarrilaren 29an hil zen.


Tagged: Bermeo, EAJ-PNV

Viewing all articles
Browse latest Browse all 15